SINOPSIA

Gaur egun, ezohikoa bilakatu den arren, gazte izan eta munduari begiratzeko modu ezberdin bat du protagonistak. Baserri batean jaio, baina bertako errealitateaz jabetu gabe, 20 urtera iritsi den neska gazte bat da dokumentalean zehar gidari lana egingo duena. Aitak, baserriari bizkarra emanda hezi duen arren, ganbaran aurkituko duen sega zahar batetik abiatu, eta bere inguru hurbila ezezik, Europako sega mundua eta baserri giroa ere nolakoak diren deskubrituko ditu. Horretarako, Euskal Herriko sega elkarte batekin topo egingo du, eta han ikasiko ditu etxean erakutsi ez dizkioten kontu guztiak. XXI. mendean, baserrian jaio eta emakume izateak, ez du zer ikusirik duela 100 urteko errealitatearekin, eta Aitarekin izango duen talka horri aurre eginez, bere bideari ekingo dio neska gazteak.

Isil eta bakarti, hausnarketa etengabean sartuko da, eta begirada zorrotzez jarraituko ditu aitaren pausuak. Begien aurrean izango du, baserriari erraietatik lotuta dagoen gizona, baina lotsaz bezala, jardun horretan alabari jarraipenik eman nahi ez diona. Benetan maite duen horren ukazioa ikusiko du aitarengan, eta isilpeko aitortza izango bada ere, baserriari lotuta bizitzea harrotasunez sentitu nahiko du neskak.  Inkomunikazioa, isiltasuna eta sekretutxoak tarteko, neskak ibilbide interesgarri bati ekingo dio, eta bide horretan amona izango du konplize.

Ganbaran aurkitutako sega zaharra izango du abiapuntu, eta baserrian oinarrizkoa den jardun bat ikasiko du bere kasa; segan. Pixkanaka, amonaren laguntzarekin, segan trebatuko da, eta dokumentalak, fikziotik errealitatera salto egingo du, Almitza Sega Elkartearen ibilbidearen berri, irratiz entzuten duenean. Ordura arte bere baitako mundu bat zenak, beste dimentsio bat hartuko du, eta elkartea ezagutzearekin, segan aritzeak baserriko lanak egiteaz gain, kirolarekin eta lehiarekin duen lotura deskubrituko ditu.

Kirola eta lehiaren munduan murgilduko da, eta ahaleginaren-ahaleginez maila txukuna lortuko du segan; horrek Europako lehiaketa batean parte hartzeko aukera emango dio, eta  Euskal Herriko eta Europako hainbat segalari ezagutuko ditu. Europara egingo duen bidaian, Almitza Sega Elkarteak, azken 27 urteetan egin duen lana ikusiko du aurrez – aurre; ikusiko du nolako sarea osatu duten Europako segalariek, eta urte guzti horietan egin dituzten harremanak, zeinen  estuak diren. Bidaia horretan, konpromezu batean lerrokatutako jendeak jakinmina piztuko dio, eta Suitzar emakume segalari ospetsu batek, bere etxeko ateak irekiko dizkio, hausnarketa eta ezagutza horretan arakatu dezan.

Suitzatik aitari bidaliko dion gutun batean, elkarrekin bide bat hasi dezaketela proposatuko dio, aitaren ustekaberako.